XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bihotzondokoa nozitu duenari nolako masajea eman behar zaion ari gara ikasten eta etzanda dagoen manikiarekin dihardugu.

Ahalegintzen gara aurreko ikasgaietan erakutsi diguten bezala masajea ematen eta eskuaz bihotz partean zanpatzen dugun bakoitzean, zenbait datu azaltzen dira monitorean, hala nola, daramagun erritmoa, presioa, leku egokian zanpatzen dugun ala ez....

Zenbaitetan, tolerantzietatik at eta, ondorioz, gaisoaren kaltetan ari bagara, sendagile / irakaslea azaltzen zaigu pantailan zer ari garen oker egiten eta nolatan zuzendu behar dugun adieraziz; eta, behar izanez gero, ez digu ondorengo ikasgaietara joaten utziko, harik eta aurreko ariketa ongi egin arte.

Teknologia honen alde teknikoa guztiz konplexua da; aski ulerterraza gerta daiteke, ordea, beraren funtzionamendua.

Informazio guztia bideodiskoan biltzen da eta guk tekladuan edota arkatz bereziak emandako erantzunekin informazio-segmento desberdinen artean aukera egiten dugu, kontutan harturik segmento horiek bideo-filmazioak izan daitezkeela.

Aipatu behar da filmazio hauen kalitatea handiagoa dela bideozinta arrunt batena baino eta, jakina, segmento desberdinen arteko bilaketa guztiz azkarra dela, ia bapatekoa.

Ez dirudi hizkuntz irakaskuntzan teknologia berri honekin esperientzia askorik egin denik.

Hizkuntz laborategietan eta mikroprozesadore-geletan egin ohi diren ariketa audiolingualei irudi bizia eransteko aukera izatea aurrerako pauso haundia izan daiteke.

Hala ere, ahozko erantzunak lortzea beste maila bateko arazo teknikoen aurrean jartzen gaitu eta galdera ireki edo erantzun librezko ariketak esparru debekatua dira oraindik teknologia honentzat.